XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gutxien-gutxienez, izango ditu Piratak ehun dolar, pentsatu zuen.

Aspalditik zebilen Pilon gauza haiek aztertzen.

Baina Dannyri jaten emateko promesa zoro eta gartsu hura egin zioten arte, ez zion eman Pilonek esanahi pertsonalik Pirataren altxorrari.

Gaiari batere heldu aurretik, prestakizun luze eta harrigarrietara jarri zuen Pilonek burua.

Pena handia ematen zion Piratak.

Gizarajo desitxuratua zioen berekiko.

Jainkoak ez dio eman behar zuen tamainako burua.

Pirata gizarajo horrek ezin du bere buruaz arduratu.

Izan ere, zikinkeriaz inguratua bizi da, oilategi zahar batean.

Zakurrentzako moduko hondakinak jaten ditu.

Saretua eta honda-honda egina dauka arropa.

Eta burutik oso sano ez dabilenez gero, ezkutatu egiten du dirua.

Eta, ezarriak errukiaren oinarriak, aurrerabide baten bila hasi zen Pilon.

Ez ote litzateke txalotzekoa izango, pentsatu zuen, berak ezin dituenak guk egitea?

Jantzi beroak erostea, gizaki bati dagokion jatekoaz elikatzea? Baina, gogorarazi zion bere buruari, bihotzean badabilzkit ere, ez daukat gauza horiek egiteko dirurik.

Eta nola mamituko dira orduan errukizko egintza hauek?

Ari zen norabait ere heltzen.

Ordu luze batez txolarrea inguratu duen katuaren gisara, harrapakinari heltzeko prest zegoen Pilon.

Badakit! oihu egin zuen Pilonen buruak.

Hau da: dirua badu Piratak, baina erabiltzeko adimenik ez.

Adimena nik daukat!

Nire adimena eskainiko diot, erabil dezan.

Dohain emango diot.

Horixe izango da nire errukizko emaitza gizon desitxuratu gizarajo horrentzat.

Pilonek inoiz eraiki zuen egitasmo hoberenetako bat izan zen.